Entzute aktiboko prozesuaren fartsa instituzionala
- guggenheimez
- Mar 1
- 2 min read
Updated: Mar 2
Negu hau “prozesu parte-hartzaileen” urtaro bezala gogoratuko dugu eskualdean; izan ere, baten faltan, bi “prozesu parte-hartzaile” jarri dizkigute eskura gure instituzio onberek. 2024 amaieran Busturialdeko Eskualdeko Plan Estrategikoa garatzeko prozesua aurkeztu zuten, eta zenbaiti metodologia zein edukiarekin zenbait desengainu eragin ondoren –ezin baitzen Guggenheim Urdaibai proiektuaz eztabaidatu–, orain, 2025 hasieran, gure instituzio onberek Guggenheim Urdaibai proiektuaren “entzute aktiboko prozesua” aurkeztu dute.
Izenari berari erreparatuz gero, konturatuko gara aldaketa bat txertatu dutela, eta «prozesu parte-hartzaile» batetik «entzute aktiboko prozesu» batera pasatu garela. Baliteke, aurrekoaren parte-hartze maila apalarekin arduratuta, beste izen bat ematea pentsatu izana, zabalpen pixka bat gehiago izateko asmoz. Edo, agian, marketing estrategietatik urrun, baliteke izenak prozesuaren izaerari berari erantzutea, eta “entzutea” bakarrik izatea euren asmoa.
Baina entzuteak ez du zertan adierazi kasu egitea; eta prozesu honetan ere, ez dirudi horrela izango denik. «Entzute aktiboko prozesua» ez da loteslea izango, hasieratik zehaztu dute hori. Zuek esan, entzungo zaituztegu, bai, baina belarri batetik sartu eta bestetik irten. Gainera, prozesua gauzatzeko Agirre Lehendakaria Center izeneko fundazioari eman diote ardura, sorreratik PNVri lotutako izenez beterik dagoena.
Badirudi, beraz, Guggenheim Urdaibairi buruzko «entzute aktiboko prozesuak» beste asmo batzuk jarraitzen dituela. Makroproiektuak kontrakotasun handia du gizartean, eta bultzatzaile diren instituzioek berau zuritzeko eta justifikatzeko beharraren aurrean aurkitzen dira. Asmo garbirik ez dutela ikusteko adibiderik garbiena zera da, proiektua aurrera eramateko beharrezkoak diren mugimenduak ez direla momentu batean ere gelditu; ez “hausnarketarako bi urteko epea” hartu zutenean, ezta hau bezalako prozesu parte-hartzaile faltsuak iragarri dituztenean. Bitartean, lanek aurrera jarraitzen dute udaletxeetako, Foru Aldundiko, edo Jaurlaritzako bulegoetan; eta zer esanik ez, enpresetako bulegoetan. Legedia aldatzen eta egokitzen jarraitzen dute Guggenheimek lekua izan dezan Urdaibaien, eta, ezin dugu ahaztu, uda honetan eraitsi zituztela Daliaren hondakinak Gernikan, eta udazken honetan hastekoak izan direla Muruetan palafitoa eraikitzen.
Galdeketa honek, beraz, ez du asmo zintzorik, eta are gutxiago ezer gelditzeko. Horrelakoak behin baino gehiago erabili izan dira distrakzio-tresna bezala, eta proiektuarekiko kontrakotasuna desmobilizatzea du helburu. Haserrea baretu eta aldarte on (faltsu) bat erakutsi. Aldi berean, proiektuarekiko oposizioa zurrunbilo burokratiko batean sartu eta irteera garbirik ez duen labirinto batera bideratu.
Instituzioek burgesiaren interesak defendatzen dituzte, eta Guggenheim Urdaibai proiektuan argiro islatzen da hori: maila internazionaleko enpresa handietatik eskualde mailako txikietaraino, haiei egingo baitie mesede, bakoitzaren interesak egongo diren merkatu-nitxo berri bat sortzean. Hori guztia, langile klasearen bizi-baldintzak okertzearen kontu. Beraz, ezin genezake sinetsi burgesiaren interesen defendatzaileak diren instituzio horiek modu neutral batean jokatuko dutenik, eta «prozesu parte-hartzaileen» zein «entzute aktiboko prozesuen» atzean bere asmoak aurrera eramateko estrategia eta taktika ezkutatzen dira.
Hori dela eta, ez da komenigarria instituzioetatik iristen zaizkigun sirenen kanta eztietan erortzea, eta horrelako momentuetan adi eta zuhur egoteko beharra dugu. Guggenheim Urdaibairen aurkako borrokak inoiz baino beharrezkoagoa izaten jarraitzen du, eta ezin dugu onartu parte-hartze faltsu batek erresistentzia hori urtzerik. Horregatik aldarrikatzen jarraituko dugu: Guggenheimi ez! Instituzioen fartsari ez!

Comentários