Ireki ditzagun begiak, hasi dira Guggenheim Urdaibaiko obrak!
Proiektu hau gauzatzeari buruzko espekulazioak, ustezko hausnarketetarako epeak, politikarien arteko desadostasunen kontuak, azpijoko eta “desbroce” administratiboak... Horiek guztiak, Guggenheim Urdaibairen aurkako erantzuna moteltzeko edo neutralizatzeko informazio-estrategiak baino ez dira izan. Daliaren eraisketak udan, eta udazkenean hastekoak diren Gernika-Murueta bideko obrek berresten dute erakundeek Urdaibairen bihotzean Guggenheim museoak eraikitzeko erabakiarekin jarraitzen dutela, nahiz eta loturarik ez dutela esan. Instituzioen eta ordezkatzen dituzten interes enpresarialen apustua gorpuzten ari da, eta hauek lehen urratsak dira.
Izan ere, euskal instituzioak ere burgesiaren interesak ordezkatzen dituzten erakundeak dira, eta beren helburu nagusia, gure dirua kudeatuz, sistema kapitalista babestea da. Hori bai, bide batez, beren poltsikoak diru publikoarekin betez. Busturialdean gauzatu nahi duten plan estrategikoaren helburua ez da langile klasearen beharrak asetzea, baizik eta tokiko edo nazioarteko sektore aberatsenei mesede egitea. Argi utzi dute hainbat adierazpenetan: Dalia dagoen orubea egokitu eta kutsadura garbitzeko baldintza da proiektu museistikoa gauzatzea; horixe da gizarteari planteatzen zioten xantaia. Beste era batera esanda, bere helburuak lortuz gero baino ez lukete beteko bere eginbeharra. Badirudi argi daukatela asuntoaren nondik norakoa.
Ustiapen pribatura bideratutako proiektu honen lehen faseetan gaude, eta dagoeneko milioika euro publiko gastatu dituzte. Gure poltsikoetatik ateratako milioika euro horiek, erakunde eta enpresa lagunen artean banatzen ari dira. Muruetako ontziola kokatzen den eremua lehengoratzea eta kutsadura garbitzea, adibidez, berau eragin duen enpresaren ardura behar luke, baina diru publikoz ordainduko da, Aldundiak eta MITECO ministerioaren arteko hitzarmenean adostutakoaren arabera. Horrez gain, ez da ahaztu behar Solomon Guggenheim bezalako fundazio pribatu bati eskaintzen zaizkiola museoak. Bilbokoan izena jartzeagatik bakarrik, ia 2 milioiko urteko kuota bat ordaintzen zaio –frankizia bat–. Gainera, zenbakiei arretaz erreparatuz gero, defizitarioak direla ikusiko dugu, eta erakunde publikoak direla azken batean museoak mantentzeko kontuak egiten dituztenak.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba merkatuko balio bihurtu nahi dute, hau da, elite ekonomikoen mesederako ustiatu beharreko merkantzia bilakatu.
Txanponaren beste aldean, makroproiektu honek ekarriko dituen ondoriak daude: Urdaibaiko balio naturalaren kaltea eta suntsiketaz gain, eskualdeko langile klasearen bizi baldintzen okertze orokortu bat ere eragingo du; gutxi batzuk aberastu ahal izateko beste askok pobretu beharko baitugu. Etxebizitza baterako sarbide faltatik hasita, lan baldintza prekarioen hedatzea, aisialdiaren pribatizazioa eta elitizazioa, garraiobideen eta bestelako zerbitzuen saturazioa, kulturaren eta hizkuntzaren globalizazioa eta geurearen folklorizazioa…
Hamaika arrazoi dira Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka egoteko, eta honen aurka antolatuz eta borrokatuz baino ez dugu lortuko geldiaraztea. Ez dezagun denbora galdu instituzioen borondatean eta legedian esperantzak jarrita.
Zentzu horretan, urriaren 19an Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deitutako manifestaziora deitzen dugu.
U-19 denok kalera!
Comments