top of page

Prozesu parte-hartzailearen fartsa

  • Writer: guggenheimez
    guggenheimez
  • Jan 27
  • 2 min read

Azken egunotan zenbait adierazpen entzun ahal izan ditugu Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko prozesu parte-hartzaile bati buruz. Batetik, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuak egindakoak (2025/01/10); bestetik, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarenak (2025/01/15). Biek aipatu dute makroproiektuari buruzko entzute edo parte-hartze prozesu bat jarriko dela martxan, lehenak uda aurretik izango dela esanez. Dena den, berorrek baieztatu zuen (urriaren 19ko manifestazioaren aurretik) 2024 amaieran jarriko zela martxan.


Instituzioek sustatutako partaidetza-prozesuek, teorian, gizartearekiko elkarrizketa sustatzea dute helburu. Hala ere, praktikan botere-dinamika asimetrikoen pean garatzen dira. Prozesu horiek ez dute gardentasunik, eta sistematikoki eragiten dute protagonista nagusia izan beharko lukeen hori baztertua izatea: Busturialdeko langile klasea, erabakiek gehien eragingo dion klase soziala, hain zuzen.


Gaur gaurkoz gauzatzen ari den Busturialdeko Plan Estrategikoaren parte-hartze prozesuaren nondik norakoek zenbait zantzu eman ahal dizkigu: instituzioek eurek kontratatutako aholkularitza-enpresa batek (Bmasi) diseinatutako diagnostiko baten bidez abiatu da, eta horrek benetako adostasunak eraikitzea eragozten du. Horren ordez, prozesu parte-hartzailea aldez aurretik hartutako erabakiak legitimatzeko tramite huts bihurtzen da. Busturialdeko Plan Estrategikoak eskualdea turistifikatzeko asmoen aurrean egindako kontsezio txiki bat dirudi. Batean kale, bestean bale.


Logikoa da haien asmoez ez fidatzea, urteak daramatzatenean proiektuak edota legeak modu opakuan egiten eta aldatzen. Oraingoa ere ez da desberdina, erabaki garrantzitsuak (Guggenheim Urdaibai proiektua) hartuta daudela eta eztabaida errealik gabe aurrera egiten dutela konturatzen baikara. Ingurumen- eta gizarte-inpaktu hain handiko proiektu baten inguruko elkarrizketa baztertzeak, indartu egiten du prozesu parte-hartzaile horiek Busturialdeko biztanleei benetako ahotsa emateko baino gehiago, itxurak eta plantak egiteko diseinatuta daudenaren pertzepzioa. Areago, formaltasun bat betetzera bideratuak dirudite, eta bitartean, kritikak saihestu eta oposizioa geldiarazi, instituzioek aldez aurretik definitutako planetan aurrera egiten duten bitartean.


Eredu horren pean planteatutako partaidetza-prozesua ezin da zilegitzat jo. Instituzioek, langile-klasearen interesen zerbitzura egon beharrean, kapitalaren interesak kudeatzen dituzte. Testuinguru horretan, ezinezkoa da informazio eskuragarria eta gardena bermatzea, bai eta inplikatutako eragile guztien ordezkaritza orekatua bermatzea ere. Foro honetan parte hartu edo esperantza izateak proiektu nagusiaren aurkako borrokan energia galtzea eragin lezake. Hau da, kaleko mobilizazioa eta protesta ordezkatu egiten ditu. Gainera parte hartze honek "desbroce" lana errazten die, proiektuaren faseak gauzatzen joateko bidea erraztuz.


Instituzioen aldeko komunikabideek dagoeneko iragarri dute erakundeek ustezko elkarrizketa bat irekiko dutela, baina argi dago Guggenheim Urdaibai proiektua garatzen jarraitzeko erabakia harturik dutela. Hori gertatzea lotsagarria da, eta berretsi egiten gaitu instituzioak zuritzeko eta gizarteak proiektuaren aurka duen jarrera desmobilizatzeko sortutako foro horien aurkakotasunean.


Ez gaitezen bere gezurretan erori. Egin diezaiogun aurre fartsa instituzional honi eta defenda ditzagun Busturialdea eta gure etorkizuna.


 
 
 

Comments


bottom of page