Ez da kasualitatea turismoa sustatzeko hainbat kanpainetan “Urdaibai” marka hainbestetan agertzea; izan telebista iragarkietan, izan trenen errotuluetan, aurten ikusi ahal izan dugun bezala. Slogan bat ari da bihurtzen, “turismo jasangarria” sustatzeko eta erakartzeko marka komertzial bezalako bat; jakinda turismoa eta jasangarritasuna bateraezinak direla sistema kapitalistaren pean, beste hainbat lurraldetako esperientziek erakutsi izan diguten bezala.
Hori guztia, euskal administrazio publikoen bultzada ukaezinaz, bultzatzaile nagusi ez badira. Gure etorkizuna gure beharren arabera definitu eta inguruko biztanleriarentzat mesedegarria izango den garapen ekonomiko, sozial eta kulturala ahalbidetuko dutela dioskuen bitartean, gure eskualdea parke tematiko bat izatea erabaki dute. Turistentzat eta ibertitzaileentzat pentsatutako eskualde bat, eta ez hemen bizi garenontzat; ez behintzat, langile klasearentzat.
Guggenheim museoa(k) inposatu nahi di(zki)gute Urdaibairen erdian, Biosfera Erreserbako ekosistema zaurgarrietan kalte atzeraezina eragingo lukeena, baina horietan ez ezik, eskualdeko biztanleriaren, eta batez ere langile klasearen bizi baldintzetan ere kalte atzeraezinak eragingo lituzke. Urdaibaiko Guggenheim proiektua ez da museoen eraikuntzara mugatzen, eta eskualde osoaren turistifikazioan oinarritutako plan ekonomiko zabalago baten muina da. Plan orokorrago hori martxan da arinagotik, eta ezarritako xede ekonomiko horren ondorioak dagoeneko hasi dira ikusten: gaur egun, estrategia horren ondorio zuzen gisa, etxebizitzaren oinarrizko eskubidea arriskuan dago. Arazoa ez da eskualdean etxebizitza-parke txikia egotea, hala ere etxebizitza eskuratzeko ezintasun edo zailtasun handiak daude; bai jabetzan, baina batez ere alokairuan. Egoera horrek ondorio kaltegarriak ditu etxebizitza bat jabetzan ez dutenentzat, eta gazteen emantzipaziorako aukerak ere asko murrizten ditu.
Aspaldi honetan etxeen alokairu eskaintza ia ezdeusa da Busturialdean, higiezinak geroz eta gehiago ari direlako bideratzen turismoaren sektorean negozioa egitera. Higiezinen multinazionalak eskualdean muturra sartzen saiatzen ari dira. Aurten Mundakako postontzietan etxeak saltzea iradokitzen zuen propaganda banatu izana horren adibide da. Baina ez dira bakarrik multinazional eta putre funtsak negozio iturri horretaz probesten dabiltzanak: klase ertaineko jabedunek ere negozio iturria ikusi dute praktika horretan, eta geroz eta gehiago dira jabetzan dituzten etxebizitzak alokairu turistikora bideratzen dabiltzanak, edota helburu horrekin erosten dituztenak. Horrela, etxebizitza negozioa egiteko aukera bihurtzen da, eta ez bakoitzak bere bizi proiektua gauzatzeko espazio.
Gaur gaurkoz, ia 500 dira Busturialdeko etxebizitza turistiko ofizialak, eta zenbait herri,
hala nola Bermeo, Mundaka, Busturia eta Gernika, Euskal Herrian mota honetako etxebizitza gehien dituzten herrien artean kokatzen dira. Kopurua %50 baino gehiago hazi da azken bi urteotan. Gainera, kontuan izan behar dugu datu horietan modu ofizialean erregistratutakoak baino ez direla islatzen; arautu barik daudenek kopurua handitu baino ezin dute egin.
Aipatutakoek azken urteotan bizi dugun joera erakusten digute, eta etxebizitzaren auzia arazo bihurtuz joan da Busturialdean. Guggenheim Urdaibai makroproiektuak eta eskualdea turistifikatzeko asmo orokorrak horretan sakontzea ekarriko lukete, eskualdeko proletargoak etxebizitza eskuratzeko zailtasunak handituz, eta gazte langileen kasuan emantzipatzeko aukerak ia ezinezko bihurtuz.
Busturialdea erosahalmen handiko klaseak bisitatu eta uda pasatzeko eskualde bihurtzea erabaki dute, eta instituzioak eta horiek sostengatzen eta gobernatzen dituzten alderdi politikoak dira errealitate horretara bultzatzen gaituztenak. Gehien dutenei mesede egiten dien eta gainerakoei gure herrietan bizitzea eragozten digun errealitate honi uko egitea besterik ez da geratzen, eta bere alderdi guztietan aurre egin. Kaleak aurkakotasun horretaz bete behar ditugu, eta norabide horretan, hitzordu garrantzitsua daukagu abenduaren 14ean Bilbon. Guk ere dei egiten dugu Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek deitu duten manifestazioan parte-hartzera, eta bertan izango gara abenduaren 14ean, 13:00ean Bilboko Plaza eliptikotik. Etxebizitzarekin negoziorik ez!
Comments