Gernikako Gazte Asanbladako kideen artikulua
Guggenheim hasi da!” Aldarri horiek ozen entzuten dira jada kaleetan, informazioa tantaka heltzen zaigun arren. Hala eta guztiz ere, Guggenheimak eskualdean sakon dituen atzaparrak azaleratzen hasi dituenean, oraindik esnatzeko bidean eta prestatu gabe dagoen gazteri bat topatu du aurrean.
Guggenheim berriaren ehundaka arpegiei buruz, kaleetan asko hitz egin da biosfera eta naturan izango dituen eraginaz. Betirako galduko diren animali espezietaz, izorratuko den paisaiaz, 2019tik nahikoa ez den ur-horniduraz. Baina ez da nahikoa landu Busturialdeko langile klasearengan eta bereziki gazterian izango duen inpaktuan.
Enpresariek euskal instituzioen bidez eta diru publiko izugarri baten laguntzaz abiarazi duten makroproiektu hau, lurraldeari bultzada ekonomikoa ematearen aitzakipean proposatu da. Gazte langileon beharra da hurrengokoa galdetzea: Nork ikusiko ditu onura ekonomiko hauek? Alokairuan logela bakarra topa ezin dezakeen gazteak ala lauzpabost pisu turistiko dituen lurjabeak? Gazte-emantzipazio adina Europako batazbestekoa baino 3 urte gehiago ematen den lurralde baten, gure bizi-baldintzen okertzean sakonduko dute.
Bestetik, diotenez udan soilik irekiko den museoa izango da eta aldi berean lanpostu berriak eskainiko dituztela diote harroputz. Nola atera gaitzake miseriatik 3 hilabeteko lanpostuek?
Busturialdeak bazituen jada EHko langabezi tasa handienetarikoak; honen aurrean lan irregularra eta soldata baxukoa eskaintzen digute.
Makroproiektu honekin poltsikoak bete nahi dituzten enpresari eta politikariei berdin die euskararen eta biodibertsitatearen galera, bizi-baldintzen zailtzea eta are gutxiago inporta zaie gazteak kanporatzea Busturialdetik.
Pasadan astean, Guggenheim museoari buruzko berehalako elkarrizketa prozesu bat iragarri zuen EAJ/PNVko Ibone Bengoetxea sailburuak. Zer elkarrizketa? Jadanik erabakita eta martxan dagoen proiektu baten inguruko elkarrizketa? Gazte langileok ez dugu nahi erabaki Guggenheim museoa ze modutan ezarriko duten gure eskualdean. Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko gelditzea nahi dugu. Ez gaitzatela engainatu.
Ez dakite, berriz, guzti honi erantzuna emateko belaunaldi bat prestatzen ari dela, proiektua norabide gabeko galdeketa bidez edo promesa faltsuz negoziatzea onartuko ez duen indar bat. Eta horretan dugu haien etsai nagusiena gazte langileri antolatua dela, hau baita bere proiektuari aurre egin ahal dion arerio handiena, jokoan gehien duena.
Haien esku luze eta gezur hankamotzen aurrean gazteria antolatu bat topa dezaten, Busturialdeko gazte guztiak urriaren 18an Ikasle Grebara eta jarraian Gazte Kanpaldira, eta hurrengo egunean denok Guggenheim Urdaibai Stop-en manifestazio orokorrera.
Comments